MI_avatar UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak bultzatutako zientzia dibulgazioko on-line tresna da Mapping Ignorance, Nazioarteko Bikaintasun Campus-Euskampus proiektuaren testuinguruan; ezagutza sortzen eta transferitzen, berrikuntza teknologikoan eta garapen iraunkorrean EAE nazioarteko erreferente bihurtzea du xede.

Ikerketa zientifikoak gizartearentzat oro har ulergarria izango den hizkerara itzultzea da Mapping Ignorance tresnaren eginkizuna, eta, bidenabar, UPV/EHUk zientzian eta teknologian egindako azken aurrerapenak hedatzea eta nazioartean zabaltzea. Horretarako, arlo ugaritako espezialistek osatutako talde baten elkarlana jasotzen du egitasmoak, eta horien xedea, hain justu ere, edozein pertsona interesatuk informazio zientifiko eta teknikoaren mundu zirraragarriaz gozatzeko aukera izatea da, maiz arlo ulergaitza baita.

Ekimenak blog formatua du, eta research blogging estandarra gainditu nahi du, blog hori sarean argitaratutako ikerketa arloko sarrera akademiko onenak identifikatzen dituen plataforma baita, eta, horrez gain, binakako berrikusketa sistemaren arabera epaitzen dituzte lanak, alegia autorearen maila bereko edo altuagoko adituek argitalpena ebaluatzen dute. Hala, estandar horren barruan plazaratutako edukien kalitatea, fidagarritasuna eta jatorrizkoak izatea bermatzen da.

Hedapen zientifikoa errazteko, blogari lotutako Twitter eta Facebook kontu bana prestatu ditu Mapping Ignorance ekimenak; horiei esker, posible da egunean egotea UPV/EHUko aurrerapen zientifiko eta ikerketei dagokienez.