nuria1

UPV/EHU eta Neiker-Tecnaliak egindako ikerketa baten arabera, funtsezkoa da klima-aldaketari eutsiko dioten pinu-aldaera berriak bilatzea.
Euskadiko pinu beltza da, hain zuzen ere, ur-faltari eusteko zailtasun gehien duten motetako bat.
Eta horixe da Euskadiko basoetako zuhaitz-espezie nagusia. Beste pinu mota batzuei bezala, ur-faltak kalte nabarmena egiten dio haren biziraupenari eta produktibitateari. Orain arte, Euskadiko plubiometria altu eta erregularrari esker, bermatuta zegoen espezie horren landaketa eta produktibitate altua. Baina egoera hori aldatu egin liteke datozen urteetan, klima-aldaketari dagozkion aurreikuspenekin bat etorrita, batez besteko tenperaturak gora eginez gero eta lehorte-aldien maiztasuna eta intentsitatea areagotuz gero. Hortaz, premiazkoa da pinu beltzaren aldaera berriak ezartzea, klima-aldaketaren ondorioei errazago aurre egingo dietenak. Bestalde, adierazgarria da Euskadiko pinu beltza izatea ur-faltaren kalteak nabarmenen jasan zituen ekotipoetako bat. Lehorteak kalte gutxiago egingo dien pinu beltzaren aldaerak ezartzeak ez lioke inolako kalterik eragingo Euskadiko biodibertsitateari, aldaera baten ordez beste bat ezarri besterik ez bailitzateke egingo. Ikerketak garrantzi handia izan dezake Euskadiko egur-industriarako, pinu beltza baita industria horren lehengai nagusietakoa, haren egurraren produktibitate eta kalitate bikainari esker. Sektore horrek aldaera egokienak aintzat hartu beharko lituzke bere hobekuntza-programen barruan.
Ur gutxiago izango dela aurreikusten duen egoera eta egoera horrek baso-masen iraupenean izango dituen ondorioak simulatzeko, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako bekari esker doktoratutako Nuria de Riegok, NEIKER-Tecnaliako eta UPV/EHUko Biologia Begetaleko saileko adituekin batera, pinu beltzaren ekotipo edo aldaera zenbaitek munduko askotariko klima- eta geografia-eremuetan estres hidrikoko egoeretan emandako erantzuna ebaluatu dute. Ikerketa otsailaren 16an defendatu zuten, “Respuesta a la sequía del Pinus radiata D. Don y su implicación en los procesos de tolerancia” izenburuko saioan. De Diegok landutako ikerketaren parte bat laster emango dute argitara basogintzaren arloko aldizkari ospetsuenetako batean: Tree Physiology

Informazio gehiago:
http://www.ehu.es/p200-content/es/contenidos/noticia/20120418_pino/es_pino/pino.html

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *