Parte hartzaileek nanozientziaren aldeko jarrera hartu zuten, baina, betiere, aplikazio teknologikoak arautzea aholkatu dute.

Bidenabar, gizarteari aplikazioen orientazioari buruz pentsatzen duena galdetzearen alde ere agertu ziren.

Ondorio guztiak www.playdecide.eu webgunean ikus daitezke, eta pixkanaka Europako beste parte hartzaileen iritziak ere jasoko ditu atariak.

Joan den ostegunean, azaroaren 22an, berrogeita hamar pertsonatik gora bildu ziren NanoGUNEko elkarrekintza aretoan, nanozientziak eta nanoteknologiak eskaintzen dituen aukeren berri izan eta horietan esploratzeko. Hala, bertaratutakoek jolas batean zientzia eta gizartea uztartzen dituen “PLAYnano” ekimenaz gozatzeko aukera izan zuten. Jolas horri esker, ikertzaileek eta herritarrek iritziak trukatzeko aukera izan zuten, “jolastuz eta erabakiz”.

Egitasmo europar hau garatzeko ezinbestekoak izan dira CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center, Euskampus Fundazioa eta nanoBasque agentzia.

Zientziak gizartean duen eragina gero eta nabarmenagoa da, eta horrelako eta antzeko plataformen bitartez, erakunde antolatzaileek bideak ireki nahi dituzte gizarteak gaitasun eta informazio gehiago izan dezan etorkizunean eragina izango duten erabakiak hartu ahal izateko.
[nggallery id=7]

Parte hartzaile ugari bildu ziren (berrogeita hamarretik gora), adin eta profil desberdinetakoak, eta 8 mahaitan banatu ziren nanozientzia eta nanoteknologiaren etorkizunak zein izan behar duen adosten saiatzeko; tarte horretan debate anitz eta interesgarria sortu zen. Egitasmo honi esker, gaiari buruzko geure iritzia Europako beste herritar batzuei jakinarazi eta haiekin partekatu nahi da.

Izan ere, erakunde antolatzaileek hain justu horixe bultzatu nahi dute, alegia Europako gizarteak beharrezko ezagutza barneratzea, ezagutzatik sortzen diren aplikazio teknologikoak eta ikerkuntza nola bideratu gaitzat hartuta erakunde eskumendunak aholkatzeko eta erabakiak hartzeko.

Bi ordu luzez, adin eta profil desberdinetako parte hartzaileek materiak nanoeskalan dituen propietateei buruz ikasteko eta horretan sakontzeko aukera izan zuten. Horrez gain, aplikazioak, garapen teknologiko berriak, abantailak edota mugak ere jakinarazi zituzten. Debatearen ondoren, parte hartzaileek nanoGUNEko laborategiak in situ bisitatu eta ikertzaileen azalpenak entzun ahal izan zituzten.

Ondorioak
Ondorioei dagokienez, parte hartzaileek nanozientziaren aldeko jarrera hartu zuten; hala ere, aplikazio teknologikoetara igarotzeko pausua ematerakoan, gaia arautzea aholkatu zuten. Bidenabar, gizarteari aplikazioen orientazioari buruz pentsatzen duena galdetzearen alde ere agertu ziren. Ondorio guztiak dagoeneko www.playdecide.eu webgunean ikus daitezke, eta pixkanaka Europako beste parte hartzaileen iritziak ere jasoko ditu atariak.

Oso ekimen interesgarria eta parte hartzailea da, herritarrei galdetzeko eta haien berri izateko, eta, halaber, profil eta jatorri ugari izan arren nano eskalak eskaintzen dituen aukera izugarriei buruz gehiago jakin nahi duten herritarren iritziak alderatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *