Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeak “Passion for Knowledge” 2016 jaialdia antolatu du. Jaialdi horretan zientzia sustatu nahi da gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenean laguntzen duen funtsezko kultura jarduera gisa. Jaialdia Donostian egingo da 2016ko irailaren 27tik urriaren 1era bitartean. Bat dator 2016. urtean Donostia Europako Kultur Hiriburua izatearekin eta hiriburutzaren DSS2016EU programa ofizialaren barnean hartzen da.
Jaialdiaren egoitza nagusia Victoria Eugenia Antzokia izango da, baina jarduera paraleloak programatu dira Bilbon eta Bordelen, Euskampus Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruan. Programan hainbat Nobel sari eta mundu osoko aditu sartu dira, hitzaldi irekiak egiteko eta ikasleekin elkartzeko. Horrez gain, programan barnean hartu dira, besteak beste, sormenari buruzko mahai inguru bat, bertsolarien sormen prozesua erakusteko ekitaldi bat eta zientziaren muga gainditzen duen diziplina anitzeko ikuskizun bat –Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeak asmatua, sustatua eta antolatua–. Gainera, Naukas-en saio ezagunak ere programatu dira. Era berean, Aquariumean argazki erakusketa bat egingo da, eta inaugurazioaren egunean Breaking Boundaries ikuskizuna aurkeztuko da. Zientziaren eta artearen arteko muga hautsi nahi duen ikuskizun horretan dantza, eskultura, soinua eta irudiak uztartzen dira.
Azkenik, nabarmendu behar da Passion for Knowledge jaialdiaren ekitaldi honetan nazioarteko udako eskola bat ere antolatu dela, erkidego zientifikoari eta, batik bat, ikertzaile gazteei zuzentzen zaiena: Dynapeutics. Sendagai molekularrak optimizatzeko funtsezkoak diren biomolekulak aztertzeko metodo konputazionaletan oinarrituko da eskola hori. Eskolan parte hartuko dute Martin Karplus-ek, Kimika Nobel saria 2013an, eta jaialdiko hizlarietako batek.
Antolatzaileek zehazki eskertu nahi izan dute jaialdia egitea posible egin duten erakundeen laguntza ekonomikoa: Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila), Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, Donostiako Udala, Kutxa, Telefónica, EDP, CAF, FECYT (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa), Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa, eta Donostia/San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioa, DSS2016. Jaialdian programatutako jarduera guztiak doakoak izango dira. Euskarara, gaztelaniara eta ingelesera itzultzeko zerbitzua izango da, eta saio nagusiak zuzenean ikusi ahal izango dira streaming bidez jaialdiaren web gunean. Passion for Knowledge 2016 jaialdian parte hartzeko, jaialdiaren web gunean izena ematea eta plaza gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude