Joan zen astelehenean, ekainak 16, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko Mugaz Haraindiko Euro-eskualdeko Campusaren (EHUBAQ) Gidaritza Batzordeak bilera egin zuen Donostian. Mugaz Haraindiko Euro-eskualdeko Campusa bi unibertsitateek elkarrekin abiarazitako ekimena da, unibertsitate bakoitzaren bikaintasun-proiektutik jaioa (Euskampus eta IdEx). Ekimenaren xedea da espazio bateratu bat sortzea prestakuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian elkarlanean aritzeko, eta espazio hori giltzarri izatea Akitania-Euskadi ardatza jakintzan oinarritutako Euro-eskualde gisa sendotzeko eta nazioartean hedatzeko.

Gidaritza Batzordea Euro-eskualdeko Campuseko organo erabakitzaile gorena da, eta batzordeburu ditu bi unibertsitateetako errektoreak, Iñaki Goirizelaia eta Manuel Tuñón de Lara. Urteko bileran izan ziren, gainera, Euskampus proiektuan eta Bordeleko IdEx proiektuan sartuta dauden erakundeetako ordezkariak.

Goirizelaia-TunonDeLara

2012an onartutako ekintza-planaren ebaluazio positiboa egin ostean, zenbait alderdi nabarmendu zituzten, hala nola bi unibertsitateen artean tutorekidetzan egindako tesien gorakada, Horizon 2020 programaren lehen deialditik elkarrekin aurkeztutako 9 europar proiektuak, Euskampuseko eta IdExeko kideek osatutako euro-eskualdeko talde baten eraketa eta BIS Euskampus mugikortasun-tresnaren sorrera, beti erabilgarri dagoen tresna partekatua, bi unibertsitateen arteko lankidetza-jardueren euskarri dena.

Gauzatutako ekintzei oniritzia emateaz gain, datozen 18 hilabeteetarako lehentasunezko jarduerak zehaztu zituzten, honako hauek azpimarratuta: ikertzaileentzako laguntza sendotzea, tutorekidetzen eta lankidetzan egindako nazioarteko proiektuen kopurua handitzeko, eta Euro-eskualdeko sare sozio-ekonomikoarekiko loturan aurrera egitea, enpresekin baterako jarduerak eginez Euskadiko eta Akitaniako gobernuek eta Euro-eskualdeak berak ezarritako lehentasunezko eremuetan. Elkarrekin eraikitzea Zahartze Aktiboa eta Bizi Kalitatea ardatz dituen Ezagutza eta Berrikuntza Komunitate europar bat (KIC, Knowledge and Innovation Community) testuinguru egokia da Euro-eskualdeko Campusaren berrikuntzan eta transferentzian sakontzeko.

Argazkiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude