Gasteizko UPV/EHUko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan arituko da Lyongo IDRAC eskolako ikasle talde bat

Negozioetan espezializatutako Lyongo IDRAC eskolako 130 ikasleko talde batek bisita egingo du Gasteizko UPV/EHUko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolara; bisita horretan, Arabako Enpresariak elkarteko zuzendari laguntzaile Aitor Otaolak emango duen “Situación Actual del Tejido Empresarial Alavés” hitzaldian parte hartuko dute.

Foto-1-peq

Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak Frantziako eskolarekin lankidetza-esparru bat finkatzeko xedez bat egin du ekimenarekin, atzerriko goi mailako beste ikastegi batzuekiko erlazioa sendotzeari eta Erasmus programako hitzarmenak zabaltzeari begira. Era berean, Unibertsitate Eskolaren asmoa da IDRACeko ikasleei aukera ematea UPV/EHU bera nahiz Arabako ekonomiaren egoera bertatik bertara ezagutzeko. Bigarren alderdi hori aintzat hartuta, alegia, UPV/EHUren eta enpresa-munduaren arteko loturak estutzeko, Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak ekimen horretan era aktiboan parte hartzeko deia egin dio Arabako Enpresariak elkarteari.
Frantziako ikasleek martxoaren 5etik 9ra bitartean egingo dute egonaldia Euskadin, eta, jakina, egonaldi horren bidez formazioarekin nahiz kulturarekin loturiko helburuak bete nahi dituzte: herri bat , haren hizkuntza, haren historia ezagutzea; nazioarteko merkatuei buruzko ezagutza sakontzea, baita bisita egiten den eskualdearen egoera ekonomikoari buruzkoa ere; eta Euskadin diharduten europar enpresen berri izatea. Ekimen hau Frantziako ikastegiaren ikasketa-programaren baitan antolatzen dute; hain zuzen ere, ikasketen lehen urteko plangintzan zehazten da ikasleek Europako herrialde batera bisita egingo dutela, haren historia, ekonomia eta kultura ezagutu ditzaten. 2009-2010 zikloan, ikasleek Alemaniara egin zuten bidaia, eta 2010-2011 zikloan, berriz, Italiara.
Informazio gehiago: http://www.ehu.es

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude