Uztailaren 16an, Berrian

Babesa, ilusioa eta gogoa beharrezkoak dira proiektu bat martxan jartzeko. Hasierak askotan izaten dira zailak, baina aipaturiko hiru elementuak oinarri gisara hartuz, arinagoa izango da bidea. Horrela hasi zen BERRIA Taldea, komunitatean oinarritutako etorkizun bat lantzeko asmoarekin, 2003an. Komunikazio produktu batetik proiektu baterako bidea abiatu zuten. Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria izan zen taldearen esperientziaren eredua aurkezten, atzo, Donostian, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko udako ikastaroetan.

«Sortu behar ez zen hedabidea da BERRIA». Arregik gogorarazi zuen Euskaldunon Egunkaria «bidegabe eta indarrez» itxi zutela eta horren ondorioz sortu zela proiektua. «Beldurra, ezegonkortasuna eta segurtasunik eza nagusi ziren uneetan, garrantzi handia zuen komunitate baten babespean sortzeak», azaldu zuen. Komunitatean sortutako proiektu batek indar handia dauka. 25.000 akziodun txikirekin sortu zen egitasmoa. Gaur egun, 12.000 BERRIAlagun inguru daude: proiektuari sostengu ekonomikoa, ideologikoa eta babesa ematen diote. «Euskal hiztunen komunitatean sortutako proiektua da, eta beraien zerbitzura gaude». Gizartean zegoen hutsune bat betetzeko sortu zen BERRIA, eta ez bazuten beraiek sortu beste norbaitek sortuko lukeela ere uste du Arregik. Euskaraz lan egiteak, ordea, zailtasunekin lan egitea esan nahi du askotan. Euskarazko hedabideak ez kontsumitzeko arrazoiak, Ikerfel, 2008 Eusko Jaurlaritzak egindako txostenean agertzen dira zailtasun horiek. Ikerketako datuak gogoan ditu Arregik: gaztelaniaz irakurtzeko ohitura %40k dute, eta euskaraz irakurtzeko zailtasuna %30ek. Hala ere, BERRIAk datu onak lortzen dituela pentsatzen du Arregik, eta horrelako testuinguruan datu horiek poztekoak direla. «Hizkuntza gutxituetan gabiltzanok badakigu hizkuntzaren pisua handia dela».

Taldean egindako lana

«BERRIA Taldea pertsonen gaitasunetan oinarrituta dago». Topiko hutsetan gelditu gabe, zehaztera egin du Arregik, eta nola antolatzen diren azaltzea garrantzitsua iruditzen zaio horretarako. Ez dago dirurik «izarrik» kontratatzeko, hau da, kanpotik zerbaitetan aditua den norbait lantaldean sartzeko, eta, horregatik, haien filosofia bestelakoa da. Trebakuntzan eta elkarri laguntza ematean jartzen dute indarra. Marka kazetariek beraiek egiten eta osatzen dute: «Gurean, sarean, paperean eta kanpoan, kazetaria marka da».

Lanerako orduan hierarkiak daudela ez du ukatu. Hau da, zuzendaritzak erabakiak hartzen ditu, eta horien gainetik administrazio kontseilua dago. Kontseilari ordezkariak argi du elkarlanik gabe proiektua aurrera ateratzea «ezinezkoa» izango litzatekeela. BERRIA Taldeak duen antolamenduan, hainbat balio goretsi ditu. Kolaborazioa bultzatzen dute, beste ezeren gainetik.

«Konfiantza» ere oso garrantzitsua dela argi du kontseilari ordezkariak, eta onartu du ia ezinezkoa dela akziodun guztiekin harremana izatea, baina hor ikusten dela konfiantza osoan oinarritutako proiektua dela BERRIA Taldea. Nabarmendu du ezagutu gabe babesa eman dietela eta proiektuaren alde apustu egin dutela askok. Gardentasunez jokatzeko ahaleginak ere lehen lerroan daudela dio. Ardura banaketari dagokionez, administrazio kontseiluko kideak bost urtean behin aldatzen dituztela esplikatu du, uste baitute bertako kideak aldatzea komeni dela. Inoiz sortu behar ez zen proiektuak aurrera jarraitzen du komunitatearen babesarekin. Hor ikusten da oinarriaren garrantzia.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


Estamos trabajando en nuestra nueva web.
Próximamente disponible.
Web gunea eguneratzen ari gara, laster berriro zurekin.
Web under construction, coming soon.
Site en construction, bientôt avec vous.