Joan den ostegunean, azaroaren 17an, Itsas inguruneko energia berriztagarrien arloko elkarlan jarduerari buruzko III. Euskampus Topaketa egin zen Bizkaia Aretoan. Topaketa horretan, erronka globalei tokiko erantzunak emateko prestakuntzan nahiz ikerkuntzan diharduten UPV/EHUko BCAMeko eta Tecnaliako ikertzaileak bildu ohi dira. Erronka global horiek hiru dira:

  1. Itsas energia berriztagarriak sarean integratzea
  2. Itsas energia berriztagarrien kostuak eraginkor bihurtzea
  3. Itsas energia berriztagarriak espazioan antolatzea

Euskampusek bere egin ditu hiru erronka handi horiek itsas energien jakintza gunea sortuta, non erakundeek elkarrekin lan egiten baitute hainbat diziplina uztartuz, Euskal Herriko gaitasun zientifiko eta teknologikoak optimizatu eta erronkei erantzun lokala emate aldera.

Jakintza gune horrek, gaur-gaurkoz, UPV/EHUko zazpi sail, Tecnaliako bi dibisio eta BCAM mobilizatu ditu, eta helburu du gaitasun gehiago mobilizatzea Euskadin sektore hori garatzen lagun dezaten. Azpimarratzekoa da KET (Key Enabling Technologies) direlakoak aktibatu direla, hau da, sektorerako konponbideak bilatzeko material aurreratuak. Beste KET batzuek, fotonikak, IKTek eta fabrikazio aurreratuak esaterako, konponbide garrantzitsuak ekar ditzakete sektorera, eta horrek hazteko aukera handiak eman diezazkioke jakintza gune horri.

Bestalde, nabarmendu behar da energiaren klusterrak ere parte hartu duela topaketan; horrek, hain zuzen ere, agerian utzi du Euskampusek klusterrarekin duen elkarteak eta itsas energia berriztagarrien azpisektoreko enpresek elkarrekin lan egiteko ahalmen handia dutela.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *