Bordeleko Unibertsitateko (UBx) ordezkaritza batek bi eguneko bidaia egin du (urtarrilak 23 eta 24), Euskampus Fundazioko taldearen gidaritzapean, Euskadin talentua erakartzeko dauden ekimen nagusietako batzuk ezagutzeko. Ordezkaritza horretako kide izan dira Adeline Barre, “IdEx Bordeaux” Bikaintasun Campuseko Nazioarteko Xedearen arduraduna; Anne Leblond, IdEx Bordeaux-en eta martxan dauden programen jarraipenaren erantzulearen laguntzailea; Marianne Eloi, Bordeleko Unibertsitateko Mugikortasun Zentroko eta Aquitaine-Euskadi-Navarre (AEN) sareko ikuskapenaren eta Eskualdeko Gaien zuzendaria; Nicolas Maedeb, UBx unibertsitateko Mugikortasun Zentroko ikerlarien harrerarako arduraduna eta Jérémy Amoreau, AEN sarearen arduraduna.

Jardunbide egokien elkartrukeen esparruan (Campus eurorégional d’excellence Euskampus/IdEx Bordeaux delakoaren ekintza-planaren barruan) antolatutako bidaia honetan kide komunen gai nagusiak jorratu ziren, hau da, ikerlariak eta nazioko edo atzerriko talentua erakartzeri buruz aritu ziren.

Lehenengo egunean Iñigo Olaizola, Ainhoa Aldasoro eta Ane Olivanek Donostia Sustapena ekimenak ikerlariak erakartzeko duen politika aurkeztu zuten, batetik, eta, beren programa onenetako bat azaldu zuten, bestetik, Talent House, proiektua. Hala bada, 2011n ireki zen ikerlarien egoitza hau bisitatu ahal izan zuten. Talent House proiektuaren asmoa, hala ere, higiezin edo ostatua izatea baino askoz gehiago da. Izan ere, Donostiako eta Gipuzkoako I+G+B antolatzaileen errendimendu altuko profilen harrera errazten duenez, hiriaren bihotzean integratzen laguntzen die, lurraldea eta bertako biztanleak jakintzaren ekonomiarantz bideratzeko.

Bigarren egunean Bordeleko Unibertsitateko ordezkariek beste bi ekimen ezagutu zituzten: Ikerbasque eta Bizkaia:Xede, Eusko Jaurlaritzarena eta Bizkaiko Foru Aldundiarena, hurrenez hurren.

Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa da eta bi helburu nagusi ditu, Iñigo Atxutegui zuzendariak azaldu zuenez: Eusko Jaurlaritzarako ikerketa-zentro berriak sortzea eta ikerlariak erakarri eta jasotzea. Ikerbasque Euskadin ezagutzaren ekonomia indartzeko sustatzaileetako bat da. Horren adibide da nazioarteko argitalpenen kopurua eta posizioa, nabarmen igo baitira biak azken 5 urteetan. Horretarako, profil altuak erakartzen dituzten hainbat tresna jarri dira martxan: ikerketa-poltsak eta estatutu egonkor bat gutxienez 3 urtez unibertsitatearen alorrean (% 70) edo beste alor batzuetan (gainerako % 30) aritzen diren ikerlarientzat

2005. urtetik 2012ra bitartean 20 herrialdetik gorako 250 ikerlari bildu ditu zuzenean Ikerbasque-ek, hautagaien aukeraketa aztertu ondoren. Izan ere, urtero bi deialdi egiten dira (“Senior call permanent position” eta “Visiting Researcher”), zientziaren munduan ospe handia duten aldizkari edo foroen (Nature, esate baterako) eta, batez ere, Ikerbasque-ko soldatapeko ikerlarien eskutik.

Bidaiari amaiera emateko, Iván Jimenez eta Carmen Méndezek Bizkaia: Xede ekimena aurkeztu zuten Bizkaiko Teknologia eta Zientzia Parkearen lokaletan. Ekimen honen xedea zera da, bere kideekin batera –Unibertsitate eta enpresa entzutetsuak– prestakuntza altudun profilak (ez ikerlariak soilik) erakarri, jaso eta integratzea Bizkaiko Lurralde Historikoan. Horretarako, doako zerbitzuen txostena dago, lurraldeko erakunde guztiekin bateratua eta harrera, bitartekaritza eta orientaziora bideratua, diru-laguntzetarako proposamenak jasotzen dituelarik. 2012. urteaz geroztik talde honen integrazioa eta kideen elkarrekiko ezagutza errazteko jarduera-egutegi bat jarri da martxan. Bizkaia:Xedea, era berean, Euraxess sarearen parte da.

Bordeleko ordezkaritzak, bestetik, hainbat gai aurkeztu zituen eta honakoak izan zituen hizpide, besteak beste: antolaketa, ezarpen eta garapenerako gailu eta bitartekoen finantzazioa tokiko eragileekin, Unibertsitatearekiko elkartrukea, ikerlariak hautatzeko prozedurak, administrazioko erraztasunak edo ostatua.  Identifikatutako jardunbide egokiek eta horien ondorioz trukatutako hausnarketek Bordeleko Unibertsitate Berriko (NUB) tailerreko taldeen, Bordeleko Bikaintasun proiektuaren eta Bikaintasuneko Campus euroerregionalaren lanak elikatzeko balio dezakete.

Euskampus Fundazioak eskerrak eman nahi dizkie Donostia Sustapeneko, Ikerbasqueko eta Bizkaia:Xedeko kide estrategikoei, erakutsi duten eskuragarritasunagatik eta Bordeleko bisitariei eginiko harreraren kalitateagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude