Azaroaren 26an eta 27an Donostian eginiko Bordeaux-Euskampus II. Sinposioaren bidez, aurreko edizioan “hasitako zenbait kontu sendotu egin dira”, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendari Ricardo Díez Muiñoren hitzetan. Dioenez, sinposioa “oso baliagarri izan da alde bateko eta besteko ikertzaileek elkar ezagutzeko”.

Iritzi berekoa da Tecnalia Ventureseko zuzendari nagusi Asier Rufino ere. Haren esanetan, sinposioa ikertzaileak elkartzeko eta ezagutza partekatzeko lekua da, eta garrantzitsua da jakitea “zein diren mugaren bi aldeetako eragileak, dauzkagun arazoak ulertzeko eta elkarri jakinarazteko”. Hala, identifikatu egin behar dira batzuen eta besteen dinamiketan “lankidetza aukerak integratzeko moduak edota guztiok ditugun erronken irtenbide posibleak”.

Rufinoren esanetan, berrikuntza irekia “eskualdean hedatu behar da”. Geografikoki gertuen dauden unibertsitateek “askoz ere lotura gehiago dituzte”, hala kulturari nola gertutasunari dagokienez. Izan ere, “errazagoa da gertuago dauden ikertzaileek lotura estuagoa izatea, elkartzeko aukera gehiago baitute”.

Ildo horretatik, uste du Euroeskualdeko Campusa bezalako egitasmoei esker erronka zailei aurre egin ahal zaiela, hainbat diziplina zientifiko eta ikertaldek dituzten “askotariko ikuspuntuetan” oinarriturik. “Gaur egungo ingurune global honetan, arazoak ez dira konpontzen gaitasunak materialen arloan soilik aplikatuta; aitzitik, gaitasun horiek, beste gaitasun mota batzuekin lotzen badira –eta ez teknologikoekin, baizik eta esparru humanistikoago bateko beste sentsibilitate batzuekin–, oso-oso garrantzitsuak izan daitezke” azaldu du.

Biomimetikaren adibidea eman du: “funtsean, ingurune naturala eta animalia eta landareen eboluzioa ulertzean datza”. Bada, zientzia hori “irtenbideak ematen ari da materialen mailan, eta horrek garbi erakusten du arazo zailei aurre egin dakiekeela ezagutza arloak emankorrago eginda”.

DIPCeko zuzendariak ere goraipatu egin du mugaz haraindiko campusa: “proiektu zoragarria eta paregabea da, guztiz bat datorrena euroeskualdeak sortzeko estrategia europarrekin; gainera, modu horretara alde batera uzten ditugu mugak tarte batez, zientzian ez baitute halako garrantzirik, azken batean”.

Hala UPV/EHUk nola Bordeleko Unibertsitateak “ikerketa orokorreko talde oso onak dituzte”, fisikakoak bereziki. Mugaz haraindiko lankidetza hori, dioenez, “ideia bikaina” da, eta Euskampus eta IDEX funtzio “ezin hobea” ari dira betetzen.

Aliantza horrek nazioartean zabaltzen laguntzen die erakunde biei; hori, ikerkuntzaren arloan, “ez da helburu bat”, baizik eta “hobeto ikertzeko baliabide bat, eta hori lagungarri da bide horretan aurrera egiteko”.

Horri dagokionez, uste du Euroeskualdeko Campusak asko duela emateko; izan ere, hezkuntzan zein ikerkuntzan, “aurrera egiteko bide nagusietako bat da gauzak bestela egiten dituzten lekuak ezagutzea”. Horrela, bada, proiektuari esker “esperientziak eta gauzak bestela egiteko moduak parteka daitezke, eta hori oso aberasgarria da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *