• top@DIPC Zientziarekin Solasean! topaketa Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da eta EAEko 62 ikastetxetako DBH-ko 4. mailako eta Batxilergoko ikaslek parte hartuko dute.
  • Donostia International Physics Center-ek bultzatuta, UPV/EHUren laguntzarekin, saioaren helburua Euskadin bokazio zientifiko eta teknologiko berriak esnatzea da.

Prentsa Oharra. 2012ko abenduaren 11n. Gaur goizean top@DIPC Zientziarekin Solasean! ekimenaren IV. jardunaldia aurkeztu da Bilboko Bizkaia Aretoan. Solasaldia Donostia International Physics Center-en (DIPC-ek) antolatuta, Euskampus, Nazioarteko Bikaintasun Kanpusaren testuinguruan egingo da datorren abenduaren 18an, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen, Naturgas Energiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketa sailaren laguntzarekin eta Euskadiko hainbat ikasle zein Nobel Sari eta Asturiasko Printzea Sari diren zientzialari gailenak izango dira bertan.
Prentsaurrekoan, UPV/EHU-ko errektore Iñaki Goirizelaia, DIPC-ko presidente Pedro Miguel Etxenike eta Euskampus eta Nazioarteko Bikaintasun Kanpuseko zuzendari Igor Campillo izan dira, baita Begoñazpi Ikastola-ko Batxilergoko bigarren mailako Ismael Labiano ikaslea eta Barakaldoko IES Cruces-eko Batxilergoko lehen mailako Andrea Vivanco; azken bi hauek, top@DIPC Zientziarekin Solasean! ekitaldiko IV. edizioan izango dira ikasle taldearen ordezkaritzan.

Zientifikoki informaturik dagoen gizarte batengatik

IV. top@DIPC Zientziarekin Solasean! ekimenaren aurkezpenean, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia-k eta Donostia International Physics Center-ko presidente Pedro Miguel Etxenike-k bereziki azpimarratu dute zientifikoki informaturiko gizarte baten mantentzea bultzatzen duten ekintzak sustatzeko beharra, gaur egunari begira, baita geroari begira ere. Halaber, ikasle gazteei arreta berezia eskaini behar zaiela nabarmendu dute, beraien etorkizun akademikoa aukeratzeko adinean dauden horiei batez ere.

Ildo honetatik, jardunaldi honek Euskal Herriko Unibertsitateko bide estrategikoei ezin hobeki erantzuten diela dio Iñaki Gorizelaia-k eta hauen inguruan baieztatu du “ikerketa eta komunikazioa izango dira unibertsitate arloan bikaintasuna bermatzera eramango gaituzten gaitasunak”.
“Horregatik, zientzia-bokazio berriak sustatzeak Euskadi produkzio zientifikoaren lider izatera eramango du” gehitu du Gorizelaia-k “, are gehiago, ikerketa bokazio hauek sustatzen erabilitako denbora eta baliabideek gizartearen bizi kalitatea hobetze aldera eragingo dute etorkizunean”.
DIPC-ko presidente Pedro Miguel Etxenike-k azpimarratu du, bokazio hauek pizteko eta jarrera ikertzailea bizirik mantentzeko beharrezkoa dela desio eta behar horiek bultzatzen dituen ingurune eta giroa sortzea. “Ikasleak beldurturik sartzen dira topaketa hauetara, gogotsu irteten dira, ordea. Lehen pertsonan kontatutako zientziarekiko grinaz busti nahi ditugu, baliteke horrela ikerketa zientifikoari loturiko formazioa aukeratzea”.

Bokazio zientifiko eta teknologiko berrien bilaketa
Ekimen honen helburua Euskadiko ikasleengan bokazio zientifiko eta teknologiko berriak sustatzea da eta horretarako aukeratutako formatuak izen handiko zientzialarien eta ikasleen arteko komunikazio informala sustatu nahi du. Horrela, bi taldeen arteko gertutasuna bultzatu nahi da, zientzialariak beraien zientziagatiko grina azaldu eta gazteak espiritu horretaz busti daitezen.

Top@DIPC Zientziarekin Solasean! ekimenaren IV. edizioak biomedikuntzan nazioarte mailan errekonozimendu handiko hiru ikertzaile izango ditu, Aaron Ciechanover (Kimikako Nobel Saria 2004), Sir Tim Hunt (Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria 2001) eta Ginés Morata (Ikerketa Zientifikoko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria 2007).

Euskal Autonomia Erkidegoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 62 ikastetxetako 300 ikasle inguru elkartuko dira jardunaldian. Ikastetxe bakoitza lau ikaslek eta irakasle batek ordezkatuko dute, eta ekimenak gazteak eta beraien ardurak protagonistatzat izango dituen lan metodologia bat izango du.

Pedro Miguel Etxenike izango da moderatzaile lanetan eta gonbidatuek ikasleek egingo dizkieten galdera eta zalantzei erantzuten saiatuko dira, bai ikerkuntza lanen inguruan, baita beraien bizipen edota zientziaren etorkizunaren inguruan ere.
Galdera ikurra “?” ikur nagusi bezala

Euskampus, UPV/EHUko Nazioarteko Bikaintasun Kanpuseko zuzendari exekutibo Igor Campillo-k esan duenez, top@DIPC Zientziarekin solasean! ekimeneko dinamikak “jakin-minaren garrantzia azpimarratu nahi du zientzia eta teknologia alorretako aurrerapenetan”.
“Lehenik, jakintza eta esperientziari dagokionez balio erantsia dakartzaten gonbidatuak ditugu gure artean, baina ikasleen eginkizuna funtsezkoa izango da topaketaren arrakastan. Horregatik, eguneko protagonistatzat ditugu azken hauek, irakasleekin egindako aurretiko lana ahaztu gabe, noski”.

Topaketa bi zatitan banatuta egongo da. Lehenengoan, protagonistak zientzialari gonbidatuak izango dira eta izandako ibilbideaz gainera, beraien ikerketaren punturik garrantzitsuenak azalduko dituzte laburki. Bigarren zatian, ikasleak izango dira protagonista eta zozketa baten bitartez, aukera izango dute zientziari lotutako galdera bat zuzenean egiteko. Galderak gonbidatuen bokazioaren ingurukoak izan daitezke, ikerketa lanen xehetasunen ingurukoak, gizartean ikertzaileen paperaren ingurukoak edota gaur egungo ekonomiak ikerketa zientifikoan izango duen eraginaren ingurukoak, besteak beste.

Gonbidatuei zuzenean egindako galdera hauez gainera, datorren abenduaren 18ko ekimenean fotocall bat egongo da Bizkaia Aretoan eta ikasleek bertan azaldu ahal izango dituzte beraien “galdera zientifikoak”. Galderaz beteriko mosaikoa osatuko da guztiekin, Euskadi-ko ikasleen jakin-min zientifikoaren erakusle izango dena.

Begoñazpi Ikastola-ko Batxilergoko bigarren mailako Ismael Labiano eta Barakaldoko Cruces BHI-ko Batxilergoko lehen mailako Andrea Vivanco ikasleak izan dira abenduaren 18an egongo den fotocall hori estreinatu duten prentsaurrekoan.

“Zergatik gustatzen zaizue egiten duzuena?” eta “Azken ikerketek denbora luzeagoz biziko garela bermatzen dute. Zein da zuen iritzia honi buruz? Ez al da bizitzaren erritmo naturala apurtzea?” Galdera hauek eta gehiagok izango dute erantzuna top@DIPC Zientziarekin Solasean! ekimenean.

Jardunaldia osorik eta zuzenean emango dute streaming bidez, www.dipc.tv orrialdean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietatik topaketa jarrai dezaten.

DIBULGAZIOZKO MAHAI-INGURUA, DONOSTIAN ABENDUAREN 17AN

Aaron Ciechanover, Sir Tim Hunt eta Ginés Morata Euskadin ditugula aprobetxatuz, DIPC-ek Kutxa-ko Gizarte-Ekintza-ren laguntzarekin dibulgaziozko mahai-inguru bat antolatu du, Donostian abenduaren 17an, astelehena.

“Kutxa elkarrizketak: Zientzia, garapena eta ongizatea” izenburupean, jardunaldia abenduaren 17an izango da arratsaldeko 19:00tan Kutxa Andia Areto Nagusian. Sarrera dohainik izango da edukiera bete arte eta hala nahi duenak eskuragarri izango du aldibereko interpretazio zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Estamos trabajando en nuestra nueva web.
Próximamente disponible.
Web gunea eguneratzen ari gara, laster berriro zurekin.
Web under construction, coming soon.
Site en construction, bientôt avec vous.