Bizkaiko Campuseko unibertsitate komunitatean enpresak sortzen laguntzeko UPV/EHUk bultzatutako programak, Emprendedores Zitek ekimenak alegia, enpresa kudeaketako “E-mprende 2013” lehiaketaren beste edizio bat antolatu du; egitasmoak hilabetez enpresa birtual bat zuzentzeko aukera eskainiko du.

Edizio honetan, mugak zabaltzea da berrikuntzetako bat; izan ere, lehen aldiz lehiaketak ateak zabaldu dizkie Pôle de recherche et d´enseignement supérieur (PRES) “Université de Bordeauxelkarteak hartzen dituen goi hezkuntzako erakundeetako ikasleei eta Akitanian erkidetutako kideei.

Sariketan bost enpresek osatutako merkatu bat simulatzen da, online; enpresa guztiak egoera ekonomiko berberetik abiatuko dira. Taldeek esleitutako enpresaren egoera hobetu beharko dute, eta, horretarako, enpresen egoera ekonomikoari buruzko beharrezko datu guztiak izango dituzte.

Hilabetez, lehiakideek egokitzat jotzen dituzten erabakiak hartu beharko dituzte, eta erabaki horiek, halaber, eragina izango dute merkatu birtual berberean kokatutako beste enpresa batzuen emaitzetan.

Lehiaketaren xedea ekintzailetza eta taldean lan egitea sustatzea da, baita enpresa munduaren ikuspegi erreala eta enpresaburu baten egunerokotasuna sentitzeko aukera paregabea eskaintzea ere. Aurten, gainera, sariketak euroeskualde mailako ikuspegia izango du, Akitaniako ikasleek ere parte hartu ahal izango dutelako.

Talde finalistak lehiaketak emango dituen hiru sarietako bat lortzeko lehiatuko dira. Lehenengo saria 2.000 eurokoa izango da, bigarrena 1.000 eurokoa eta hirugarrena, azkenik, 500 eurokoa. Horrez gain, 150 euroko sariak daude erabaki onenari, diziplina anitzeko talde onenari, talde gazteenari eta enpresa beretik iritsitako parte hartzaileek osatutako talde onenari.

Izena emateko epea otsailaren 27an bukatuko da; parte hartu nahi duen orok eman dezake izena, bakarka zein gehienez bost pertsonako taldeetan, betiere kideak 18 urtetik gorakoak baldin badira. Bestalde, lehiaketan parte hartzen duten UPV/EHUko ikasleek aukera askeko kreditu bat lortu ahalko dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *